Venezia jaio zen. San Markoko dukearen biolin-jotzailea zuen aita. Etxean ikasi zuen, beraz, bere musika tresnarik gustukoena, biolina.
Teologia ikasi zuen, eta 25 urterekin apaiztu zen. Ilegorria zenez, “abade kaskagorri” esaten zioten ikasleek.
Birketako gaitz batek jo zuen, eta horregatik apaiz zereginak arindu zizkioten. Hala, musikarako beta eduki zuen. La Pieta izeneko umezurtz-etxe batean aritu zen abade, baina hango arduradunek laster proposatu zioten musika irakasteko. Vivaldik arrakasta handia lortu zuen jarduera horretan. Han ikasi behar zuten neskatoak gogoz zaletu ziren musikarekin, Vivaldi irakasleari esker. Bisita egunetan kontzertuak antolatzen zituen Vivaldik, eta neskatoek oso ongi jotzen zituzten maisuaren beraren konposizioak. Ikasleentzat atonduriko lanak 600 baino gehiago dira. Kontzertu haietatik, gaur egun, "Lau urtaroak" izenekoa baino ez du jende xeheak ezagutzen, baina besteak ere ez dira batere txarrak.
Haren izen ona eta fama Herbeheretaraino hedatu zen bere garaian bertan. Amsterdametik deitu zioten behin baino gehiagotan bere sorkuntzak eskaintzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario